2017/08/16

Antxon Mendizabal: "Egurrak bizia, historia du"

Antxon Mendizabal: "Egurrak bizia, historia du"

   KULTURA  ORIO
Egurra txikitatik izan du pasio Antxon Mendizabal Mendi –Donostia, 1969– eskultoreak. Tailla tradizionala eta abangoardiaren artean dabil saltoka. Azken horri helduz, Artea mahastien arteanerakusketa zabaldu berri du Katxiña Txakolindegian.
Nondik sortu zitzaizun egurrarekiko zaletasuna?
Txikitatik dudala esango nuke. Beti gustatu izan zait marraztea eta egurrak, materialak berak, beti erakarri izan nau. Arotz titulua atera nuen bere garaian, baina konturatu nintzen hori ez zela nirea, puntu artistikoa bilatu izan baitiot beti. Horrela, Donostian egurrezko tailla ikastaroa ematen zuen eibartar bat ezagutu nuen, eta bere tailerrera joaten hasi nintzen ikastera.
Han nire bokazioa ezagutu nuen, egurrezko tailla: eskulturak, tailla tradizionala, modernoa... Bospasei urte pasa nituen Eibarren ikasten, gero marrazkia ere ikasi nuen Donostian eta Hondarribian. Beti maisuen tailerretan ikasi izan dut, beraiekin akordio bat eginda.
Behin maisuengandik ikasita nire tailer propioa jarri nuen Donostian, 1988an, eta han nago harrezkero, ikastaroak ematen eta nire lanak egiten.
Zein da zure lan ildoa?
Bi munduen artean mugitzen naiz: artisautza eta artea. Salmentetatik bakarrik bizitzea oso zaila da, horregatik hasieratik eman ditut ikastaroak. Eta saltzerako garaian ere, errazagoa da artisau lanak saltzea arte lanak baino.
Arte lanei dagokienez eboluzio bat izan dudala esan daiteke, abangoardiara iritsi arte. Hori saltzea oso zaila da, galeria publiko edo pribatuetan, tabernatan, jatetxeetan... erakusketak egin arren. Horregatik, lan tradizionalak ere egiten ditut eta enkarguak ere jasotzen ditut.
Zer du egurrak beste materialek ez dutena?
Bizia. Egurrak bizia du, historia du. Nire eskuetara 500 urteko haritz enbor bat iristen bada zerbait berezia egin beharra daukadala pentsatzen dut, zuhaitzak izan duen historiagatik. Enbor horrek bizia izan du. Beste materialek, burdinak edo harriak, adibidez, ez dute xarma hori.
Orion, herriarentzat, egiten dituzu zure lantxoak. Mirotza sariak, triatloi herrikoiko sariak...
Oso enkargu politak dira niretzako, nire esku uzten dute prozesu osoa. Diseinua, proiektua eta dena egiteko askatasun osoa ematen didate. Mirotza sariak, adibidez, urtero desberdinak egiten ditut. Niretzako sormen lan oso politak dira.
Albaolan ere aritu zara lanean. Zure ohiko lanaren oso desberdina al da?
Bai, erabat. Arotz lanetara itzuli naiz berriz Albaolan, baina han dena oso berezia da. Egiten den lan guztia eskuz egiten dute, garai bateko teknikekin. Historia egiten ari ginen sentsazioa izan dut han nengoen bitartean. Orioko arotz batekin egin dut topo han, Esteban Gozategirekin, eta segituan egin genuen harreman polita. Horrez gain, aspaldiko ikasle batekin ere egin dut topo Albaolan. Oso esperientzia polita izan da, zorte handia izan dut.
Erakusketa jarri duzu Katxiña Txakolindegian. Zer aurkituko dugu bertan?
Nire azken artelanak daude han, abstraktu abangoardistak. Denbora asko pasa dut lan horiek prestatzen. Marrazkia, diseinua... pieza bakoitzak bere lana du. Oinarri sendoak egin dizkiet, jatetxeko sarreran eta pasilloan jartzeko.
Geroz eta gehiago gustatzen zaizkit horrelako erakusketak, galeriatatik kanpo egiten direnak, jatetxe, taberna eta horrelakoetan. Street-art deritzona geroz eta gustukoagoa dut, jende oso gutxi joaten baita jada erakusketa gelatara, eta artea jendeari hurbiltzea garrantzitsua iruditzen zait.
Nondik hartzen duzu lanak egiteko inspirazioa?
Filosofia, literatura, poesia... denetarik pixka bat. Ezin jakin nondik etorriko den inspirazioa, subkontzienteak jokoa ematen du horretan. Pieza baten diseinua egiterakoan marrazkia eta idazlana egiten ditut lehenengo, eta gero pasatzen dut egurrera.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkin bat