ERAKUSKETAREN INAGURAZIOA.
ORIOKO KULTUR ETXEAN.2013.EKO MARTXOAREN 13.ARRATSALDEKO 17.30 ETAN.
El día 1 de Marzo Viernes a las 17.30 horas, en la casa de cultura de la localidad de Orio, (Guipuzkoa) inauguro la exposición:
Argizaiola… argitzaletan. “
Orioko Kultur Etxean, del 1 al 15 de Marzo del 2013.
«Argizaiolak jendearengana hurbiltzea da helburu nagusia»
Argizaiola duzu ardatz erakusketa honetan. Zergatik aukeratu duzu?
Jende askok oraindik ez daki zer den argizaiola bat. Nik artisau lanak egiten ditudanez, artisau azoketan izaten naiz, eta jende askok galdetzen dit argizaiola zer den eta zertarako balio duen. Argizaiolak oso misteriotsuak dira. Beti erakarri izan naute. Alde batetik, forma antropomorfikoarengatik, eta bestetik, duten esanahiarengatik. Hasiera batean betiko argizaiolak egiten nituen. Euskal Herrian bakarrik aurkitu daitezke argizaiolak, batez ere Gipuzkoan eta Nafarroan, eta herri bakoitzak bere argizaiola izaten du. Horretaz gain, erakusketan nik sortutako argizaiolak ere aurkitu daitezke, ukitu berezia dutenak.
Noiz hasi zinen argizaiolak lantzen?
Luis Pedro Peña de Santiagoren La argizaiola vasca liburuak asko landu dit argizaiolen mundua ezagutzerako orduan. Bertan, argizaiolen inguruko ikerketa sakona egiten du egileak, eta argizaiola askoren marrazkiak eta irudiak ere jasotzen ditu. Liburu hori niretzat Biblia bezalakoa izan da, oso garrantzitsua izan baita erakusketa hau egin ahal izateko.
Ba al duzu gainontzekoak baino kuttunago duzun argizaiolarik?
Argizaiola guztiak gustatzen zaizkit, baina artelan guztiekin gertatzen den moduan, beti azkena izaten da kuttunena. Argizaiolen artean bateren bat nabarmendu beharko banu, Amezketakoak nabarmenduko nituzke. Amezketa da argizaiolak erabiltzen jarraitzen duen azken herria; Amezketako eliza barruan edo beste hainbat txokotan oraindik aurkitu daitezke. Gainontzeko tokietan argizaiolak oso gutxi baliatzen dira, erabilera denborarekin desagertzen joan baita. Hala ere, esan behar dut herritarrek oraindik erosten dituztela etxean apaingarri bezala jartzeko.
Zer lortu nahi izan duzu erakusketarekin?
Argizaiolak jendearengana hurbiltzea da erakusketaren helburu nagusia. Argizaiola zer den eta zertarako balio duen helarazi nahi dut. Bestetik, argizaiolek
duten misterioa ere adierazi nahi diot jendeari. Argizaiolek pertsona forma dute, burua dute, baita besoak eta hankak ere. Horretaz gain, argizaiolen kandelak ere oso garrantzitsuak dira eskulturari berari jokoa ematen baitiote. Horregatik aukeratu nuen Argizaiola argi-itzaletan izenburua erakustearentzat, argizaiolak itzala argitzen duelako, eta, era berean, misterioa dutelako. Oso elementu kuriosoa da argizaiola, eta Euskal Herrian bakarrik aurki daitezke.
Eskultorea zara zu. Egurra erabiltzen duzu nagusiki zure lanak egiteko, ezta?
Niretzat egurra oso material berezia da. Egurrak bizitza du. 300 urte dituen egur zati bat lantzea nire iritziz oso berezia da, harriak eta burniak ez duten xarma baitu egurrak. Egurrak aukera asko ematen ditu, egurrarekin nahi dudana egin dezaket. Hala ere, aitortu behar da lantzeko materialik zailenetakoa dela; akats gutxi egin daitezke egurrean. Zuhaitzak bere bizitza izan du, eta hori egur zati bat hartzen dugunean antzeman dezakegu. Normalean bertako egur nobleak erabiltzen ditut nire lanak egiteko, intxaurrondoa, esaterako, oso egur ona da. Baina ia egur zahar gehienak dira onak lantzeko. Egurrak, formaz aparte, beste hainbat ezaugarri ere izaten du. Egur zati bakoitzak bere kolorea, pisua, zuntzak, usaina ditu, besteengandik desberdina egiten duena eta horrek eskultura bakoitza berezia egiten du.
Euskal kulturan oinarritutako lanak egiten dituzu gehienbat. Zergatik?
Euskal kultura niretzat erreferentea izan da beti, artisau lan tradizional asko egin dut eta. Arte lanari dagokionean, berriz, ez ditut beti euskal kulturari buruzko lanak egiten, baina beti izaten du euskal kutsua. Adituek esaten dute euskaldunon artelanak zein diren berehala nabarmentzen dela, ukitu berezia izaten dutelako. Ez dut nire burua eskultore handiekin konparatu nahi, baina Basterretxea edo Oteizaren lanak ikustean, esaterako, euskal jatorrikoak direla antzematen dela esaten dute. Azkenean, eskulturaren bidez, gainontzeko arte adierazpenekin gertatzen den moduan, norberaren bizipenak eta izaera adierazten ditugu.
Nola izaten da eskultura bat sortzeko prozesua?
Ideia jakin bat hartu eta lantzen dut. Ideia batetik ehunka marrazki egiten ditut, eta hortik antzeko sei eskulturekin serie bat sortzen dut. Eskulturara iristeraino
ideia lantzen eta marrazkiak eta diseinuak egiten lan handia izaten da.
———————————-
Argizaiolak, «hildakoaren arimaren iraupenaren» isla gisa
Antxon Mendizabal Sanz Mendi eskultoreari betidanik argizaiolek duten itxura antropomorfikoa eta zentzu sinboliko eta espirituala deigarria egin zaizkio. Argizaiolek XVI. mendean edo XVII. mendearen hasieran dute jatorria.«Garai hartan elizako aulkien ondoan jartzen ziren, eta hildakoari eskaintzen zitzaion otoitzean laguntzen zuten».Ikertzaileen arabera, «argizaiolek hildakoaren arimak gure bizitzaz haraindi izan lezakeen balizko iraupena irudikatuko luke itxura batera», adierazi du Mendizabalek.
Zenbait kasutan oholtxoari gizakiaren burua, besoak eta gorputza antzeman dakizkoke. «Astro ikurrez hornituak agertzen dira maiz».